2015/10/28

NIRE LEHEN PRAKTIKALDIA :)

Kaixo lagunok!
Jada ba dira aste batzuk azkenekoz nire bloggean zeozer idatzi nuenetik... egia esan nire lehenengo praktikaldia dela eta nahiko lanpetuta ibili naiz eta ez dut izan tarterik behar bezala idazteko. Honegatik, orain arteko esperientzia kontatzeko asmoz, astez aste joango naiz bizitakoa azaltzen.

Lehenik eta behin, Irurako Ikastolako LH.4 B mailan ari naizela burutzen nire praktikak esan beharko nuke. Ikasgela hau, 16 ikasle alproja maitagarriz osatuta dago eta tutore bezala Eider andereƱoa dute. Ni Anoetako Herri Ikastolan ikasia naiz eta hain zuzen bi Ikastolak elkarlanean aritzen direla kontutan izanik, bertako giroa ez zait horren arrotza egin. Gainera, Irurako Ikastolako hainbat irakasle lehenagotik ezagunak nituen. Onartu beharra daukat faktore hauek nire urduritasunak zertxobait baretu zituztela hasieratik.


Hala ere, lehenengo aldiz ikasgelaren aurrean azaltzeko unea urduritasunez eta emozioz beteta hartu nuen. Lehengo aldia zen "irakasle" modura arituko nintzela eta ezjakintasuna zen nagusi nire barnean. Hasieran, nora jo edo zer egin ez nekiela nenbilen gelan zehar baina egia esan segituan hasi nintzen parte hartzen ikasleekin batera. Hauek, zeozer berria bezala ikusten ninduten gelan eta hainbat galdera egiteaz gain, nire laguntza jasotzea edo beraiengan atentzioa jartzea gustuko zutela ohartu nintzen. Ikasgela honetako haurrak, oso irekiak eta hiztunak direla esan beharra dago eta honek asko laguntzen du bertan integratzeko garaian. Hasieratik ez dute inongo erreparorik izan niregana zuzentzeko garaian eta horrek lasai eta ozik sentitu arazi nau orain arte izan ere, praktikaldia askoz eramangarriagoa izatea baldintzatu didate. Eiderrek ere zer ikusi handia du horretan noski, bera  izan baita bere ikasgelan parte hartzeko nigan konfidantza jarri duen lehena. Edozein zalantza edo estuasunen aurrean laguntzeko erabat prest azaldu zitzaidan lehenengo momentutik eta hori asko eskertzeko zerbait delakoan nago.
Honen adibide dira azpian ikus ditzakezuen opari eta marrazki sortak, egonaldi hau benetan ahaztezina izango den sentsazioa izatera bultzatzen duten oroigarriak <3


Esan bezala, ez nuen denbora asko behar izan gelan irakasle bat gehiagoren moduan sentitzeko eta edozein arazori konponbidea bilatzen saiatzeko. Gelan lasaitasun osoz ibiltzeko askatasuna sentitzen nuen bai ikasleei laguntzeko garaian eta baita portaeraren bat zuzentzeko garaian ere. Aste bikaina izan zen lehenengo hura!




Bigarren astean berriz beste sentsazio mota batzuk bizi ahal izan nituen. 16 ikasleren aurrean bakarrik geratzeko aukera izan nuen. Nahiz eta ikasle kopurua handia ez izan, momentuan gelan 1000 haur zeuden sentsazioa nuen batzuetan izan ere, Eiderrek atea zeharkatu bezain laister, iskanbila zen nagusi gela hartan. Orduan bai aurkitu nintzela zer egin ez nekiela, ikasleen zalantzak argitzen saiatzen ari nintzen bitartean, beste batzuei jator portatzeko besterik ez nien errepikatzen. Egoera hau behin baina gehiagotan errepikatu zen astean zehar eta nahiz eta asko baloratu dudan esperientzia eta asko ikasi dudan uneak izan diren, benetan nekatzen duten momentuak direla esan beharra daukat. Beharbada honegatik egin zitzaidan bigarren aste hau horren interesgarri baina neketsu aldi berean, gora beheraz betetako egunak izan zirelako.

Hala ere, ikasleek benetan momentu onak eta dibertigarriak bizi arazi dizkidate beraiekin batera. Batzuetan arriturik uzten nautela esan behar dut dituzten bururapen eta buruausteekin, eta hori da benetan atsegin dudana haur hauetaz!

Orain, hirugarren astean murgildurik nabil eta beraz aurrerago emango dizuet honen berri. Baina aurrerapen modura, jada hainbat bizipen berri ditudala kontatzeko esan behar dizuet, eta besteak beste, lehenengo aldiz azterketa bat zaintzeko aukera izan dudala eta ostiralean irteera bat izango dugula! Ea zer dudan kontatzeko beraz aste honen amaierarako! :))

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina