ADUNAKO HERRI ESKOLA
Irailaren 29 an, asteartea, Iñaki Pagolaren bisita izan genuen unibertsitatean. Iñaki Pagola, Adunako eskolako irakaslea dugu, eta bertako hezkuntza sistemaren eta dituzten IKT baliabideen inguruko hitzaldi paregabea entzuteko aukera izan genuen.
Aduna Gipuzkoako barnealdean aurkitzen den 400 biztanleko herri bat da eta bertan, 68 ikaslez osatutako Adunako eskola txikia aurki dezakegu. D eredua duen Eskola Txiki eta euskalduna dugu Adunako eskola. Eskola honen antolamendua ordea beste eskolengandik desberdina da. H.H. 2 tik L.H. 1 era bitartean dauden haurrak talde bakar batean biltzen dira eta 12 besterik ez daude. L.H.2 eta L.H.3 ko ikasleak ere elkarrekin ikasten dute eta 15 ikasleko taldea osatzen dute. Eta azkenik, L.H. 4-5 eta 6 ko ikasleak ditugu, 11 denera.
Baina ezaugarri hau, ez da Adunako eskola beste ikastetxeengandik desberdintzen duen bakarra. Bertan, ikasleek proiektuen bidez egiten dute lan. Hau da, gai desberdinak lantzen eta aztertzen dituzten proiektuez osatuta dago beraien ikaskuntza prozesua. Hezkuntza proiektu hauek, Ikaskuntza Kooperatiboa, Agenda 21, Hezkuntza Marko Hirueleduna, Adin aniztasuna eta Eskola 2.0 eta IKT Heldutasun ereduan oinarritzen dira. Hau guztia aurrera eramateko, IKT en erabilera anitza egiten dute, eta zer ikusi handia du horretan eskola honek duen heldutasun eredu maila aurreratuarekin. Baina, zer da ikastetxe baten IKT heldutasun eredua? Ikastetxe baten IKT heldutasun eredu mailak, zentro horrek duen digitalizazio mailarekin lotuta dago.
Adunako eskolan, Koaderno digitalen erabilera egiten dute irakasleek. Koaderno digitala, egin beharrekoak zehazteko, landutako konpetentziak biltzeko, lantzeko moduak azaltzeko, helburuak zehazteko…balio digun dohaineko baliabidea da. Bertan lehenago aipatutakoaren inguruko hainbat datu bildu ditzakegu eta dataren arabera sailkatu eta ordenatu. Gainera, edonon erabili dezakegun baliabide da eta edozein momentutan eskuratu dezakeguna. Ikasleen ebaluazioen inguruko argibideak ere idatzi ohi dituzte bertan eta beste irakasleekin partekatzeko aukera ere badugu.
Ikasleei dagokienez, ez dute arkatza eta papera ia erabili ere egiten. Horren ordez ordenagailuak, tabletak eta beste hainbat baliabide erabiltzen dituzte. Gainera, irakasle eta ikasleek osatzen duten Classroom izeneko plataforma dute. Honen bitartez, ikasleek ordenagailuz egiten dituzten lanak partekatu ditzazkete irakaslearekin eta honek, orri horretan bertan zuzenketak egin ditzazke. Bestalde, irakasleak ere hainbat gauza partekatu ditzake bertan, bai bideoak, testu interesgarriak, irudiak… ikasleenganaino iristeko.
Tresna hauetaz gain beste hainbat baliabideren erabilera ere egiten dute, Google +, Drive, Calendar… esan dugun bezala teknologiaren munduan oso aurreratuta dabiltza. Gainera, lehenago aipatu bezala beraien irakasteko metodologia proiektuetan oinarritzen da. Horretarako, bideoak edo antzerkiak ekoizteko ohitura dute askotan izan ere, haurrak ikasten duten bitartean dibertitzeko aukera dute. Gehienetan ikasleek beraiek proposatutako ekintzak ematen dituzte aurrera irakaslearen laguntzaz, erabateko elkar lanean diharduten eskola bat osatzen dutela esan genezake.
Azkenik, Iñaki Pagolak Adunako Herri Eskola guztiaren izenean adostutako ideia bat luzatu zigun; “Gure ustez, kalean edo gizartean dauden berrikuntzak eskolan egon behar dute”. Honekin, eskolak ere munduarekin batera erabateko berrikuntzan jardun behar duela ulertzen dugu, inongo momentuan atzera geratu gabe, eta hauxe da gizarte osoan, edo hezkuntza munduan behintzat zabaltzea nahiko genukeen pentsaera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina