2015/10/28

NIRE LEHEN PRAKTIKALDIA :)

Kaixo lagunok!
Jada ba dira aste batzuk azkenekoz nire bloggean zeozer idatzi nuenetik... egia esan nire lehenengo praktikaldia dela eta nahiko lanpetuta ibili naiz eta ez dut izan tarterik behar bezala idazteko. Honegatik, orain arteko esperientzia kontatzeko asmoz, astez aste joango naiz bizitakoa azaltzen.

Lehenik eta behin, Irurako Ikastolako LH.4 B mailan ari naizela burutzen nire praktikak esan beharko nuke. Ikasgela hau, 16 ikasle alproja maitagarriz osatuta dago eta tutore bezala Eider andereñoa dute. Ni Anoetako Herri Ikastolan ikasia naiz eta hain zuzen bi Ikastolak elkarlanean aritzen direla kontutan izanik, bertako giroa ez zait horren arrotza egin. Gainera, Irurako Ikastolako hainbat irakasle lehenagotik ezagunak nituen. Onartu beharra daukat faktore hauek nire urduritasunak zertxobait baretu zituztela hasieratik.


Hala ere, lehenengo aldiz ikasgelaren aurrean azaltzeko unea urduritasunez eta emozioz beteta hartu nuen. Lehengo aldia zen "irakasle" modura arituko nintzela eta ezjakintasuna zen nagusi nire barnean. Hasieran, nora jo edo zer egin ez nekiela nenbilen gelan zehar baina egia esan segituan hasi nintzen parte hartzen ikasleekin batera. Hauek, zeozer berria bezala ikusten ninduten gelan eta hainbat galdera egiteaz gain, nire laguntza jasotzea edo beraiengan atentzioa jartzea gustuko zutela ohartu nintzen. Ikasgela honetako haurrak, oso irekiak eta hiztunak direla esan beharra dago eta honek asko laguntzen du bertan integratzeko garaian. Hasieratik ez dute inongo erreparorik izan niregana zuzentzeko garaian eta horrek lasai eta ozik sentitu arazi nau orain arte izan ere, praktikaldia askoz eramangarriagoa izatea baldintzatu didate. Eiderrek ere zer ikusi handia du horretan noski, bera  izan baita bere ikasgelan parte hartzeko nigan konfidantza jarri duen lehena. Edozein zalantza edo estuasunen aurrean laguntzeko erabat prest azaldu zitzaidan lehenengo momentutik eta hori asko eskertzeko zerbait delakoan nago.
Honen adibide dira azpian ikus ditzakezuen opari eta marrazki sortak, egonaldi hau benetan ahaztezina izango den sentsazioa izatera bultzatzen duten oroigarriak <3


Esan bezala, ez nuen denbora asko behar izan gelan irakasle bat gehiagoren moduan sentitzeko eta edozein arazori konponbidea bilatzen saiatzeko. Gelan lasaitasun osoz ibiltzeko askatasuna sentitzen nuen bai ikasleei laguntzeko garaian eta baita portaeraren bat zuzentzeko garaian ere. Aste bikaina izan zen lehenengo hura!




Bigarren astean berriz beste sentsazio mota batzuk bizi ahal izan nituen. 16 ikasleren aurrean bakarrik geratzeko aukera izan nuen. Nahiz eta ikasle kopurua handia ez izan, momentuan gelan 1000 haur zeuden sentsazioa nuen batzuetan izan ere, Eiderrek atea zeharkatu bezain laister, iskanbila zen nagusi gela hartan. Orduan bai aurkitu nintzela zer egin ez nekiela, ikasleen zalantzak argitzen saiatzen ari nintzen bitartean, beste batzuei jator portatzeko besterik ez nien errepikatzen. Egoera hau behin baina gehiagotan errepikatu zen astean zehar eta nahiz eta asko baloratu dudan esperientzia eta asko ikasi dudan uneak izan diren, benetan nekatzen duten momentuak direla esan beharra daukat. Beharbada honegatik egin zitzaidan bigarren aste hau horren interesgarri baina neketsu aldi berean, gora beheraz betetako egunak izan zirelako.

Hala ere, ikasleek benetan momentu onak eta dibertigarriak bizi arazi dizkidate beraiekin batera. Batzuetan arriturik uzten nautela esan behar dut dituzten bururapen eta buruausteekin, eta hori da benetan atsegin dudana haur hauetaz!

Orain, hirugarren astean murgildurik nabil eta beraz aurrerago emango dizuet honen berri. Baina aurrerapen modura, jada hainbat bizipen berri ditudala kontatzeko esan behar dizuet, eta besteak beste, lehenengo aldiz azterketa bat zaintzeko aukera izan dudala eta ostiralean irteera bat izango dugula! Ea zer dudan kontatzeko beraz aste honen amaierarako! :))

2015/10/02

AMARA BERRI

Amandok, Amara Berriko ikastetxeari buruzko hitzaldia eman zigun aurreko asteartean (2015/09/22), IKT-en inguruan zentratuz nagusiki eta berak esandakoa laburbilduko dut ondorengo lerroetan.
amara berri.jpg



Lehenik eta behin, eskolako antolaketari buruz hitz egin zigun, Amara Berri Sistema izenez ezagutzen dena. Eredu tradizionalaren albo batera utzi eta proiektu bidez egiten dute lan. Zikloetan egiten dute lan, hau da, adin tarte desberdineko haurrak elkarrekin egoteko aukera dute, zaharrenek txikiagoei gauzak irakatsiko dizkietelarik. Lana txokoetan burutzen da eta departamendu ezberdinak daude; irakasle bakoitzak gela finko bat du eta haurrak gelaz gela mugitzen dira. Horrezgain, ez dituzte hain ohikoak diren testu-liburuak erabiltzen, liburutegian eta interneten oinarritzen dira ikasleak lana egiterako garaian. Amara Berriren kasuan liburutegia ez da gela berezi batean kokatzen, liburuak haurrak erraz erabiltzeko moduan daude kokaturik, edozein tokitan. Proiektu bidez lan egitearen abantailetako bat egiten den orok “zertarako” bat duela da; honi esker, haurrak ekintzaren balioaz jabetzen dira eta gogotsu egiten dute lan.


IKT-etan zentratuz, hedabide ez berdinak erabiltzen zituztela esan zigun Amandok. Hedabide hauek ikasleek kudeatzen dituzte, eurak dira telebista, irratia, prentsa eta txikiweb aurrera eramatearen arduradunak. Hedabide hauek erabiltzearen helburuetako bat, egiten diren lanei zentzu bat, irteera bat ematea da. Beste helburu garrantzitsu bat teknologia berrien munduan sakontzea, aplikazio ezberdinak ezagutu eta probatzea, nola erabili behar diren ikastea…


IRRATIA: irratiko saioa auzoan entzun daiteke FM 107.2 jarri ezkero, eta baita Amara Berriko web orrialdean ere. Teknikariak edo arduradunak 2.zikloko 2 ikasle izaten dira, eurak sortzen dute saioa.


PRENTSA: Amara Berri Egunkaria (ABE) argitaratzen dute. Egunkariak atal ezberdinak ditu, azala, elkarrizketa, eguraldia, kontu-kontari, gu ere idazle, lumaren kilima, saski naski eta denbora pasak hain zuzen ere. Egunero irakurtzen da fotokopiatuta eta arduradunak 3.zikloko 4 ikasle izaten dira. Egunkaria egin ahal izateko, irakasleen laguntza izateaz gain, bilerak ere egin behar dituzte.


TELEBISTA: tresna zoragarria da haurrak euskaraz, erdaraz edo ingelesez modu natural batean hitz egiteko. Grabatzeko eta editatzeko aukera dago eta lan hau egiteko arduradunak 3.zikloko 4 ikasle izaten dira. Telebistako saioa gela guztietan ikus daiteke eta web-ean ere publikatzen da etxekoek ere ikus dezaten.


TXIKIWEB: web orrialdeak atal desberdinak ditu, ongietorria, artisten galeria, argazki albumak, ABI telebista eta ABI irratia esaterako. Webmasterrak edo web arduradunak 3.zikloko ikasleak izaten dira.


Lehen esan bezala, Amara Berrin zikloka egiten da lan. Hedabideei dagokienez, zikloka eta bikoteka egiten dute lan eta 2 egun eskaintzen dizkio bakoitzak lan honi. Modu honetan arituz, lana kate moduan egitea lortzen da. Honek esan nahi du lehenengo aldian ikasi egiten dela gauzak egiten eta bigarrenean irakatsi. Adibidez: lehenengo egunean Manuelek Joni erakusten dio, bigarrenean Jonek Maiteri erakusten dio, hirugarrenean Maitek Edurneri…


Ikasleak gogotsu aritzen dira lanean modu honetan, askatasuna dutelako. Amandoren ustez eta Amara Berriko Sistema erreferentziatzat hartuz, irakasleak “txapa” botatzean ikasleek ez dute ikasten eta beraz, irakasleek ez dute irakasten. Hona hemen ikasleek esperimentatuz, askatasunez eta autonomiaz lan egitearen garrantzia. Modu honetan ematen da benetako ikaskuntza prozesua, egiten denari erabilgarritasuna edo zerbaiterako baliagarria dela ikusi eta norberak esperimentatu eta gustatzen zaiona eta ez zaiona ezagutu, nahi duen bezala diseinatu… hori da guztion artean lortu behar dugun irakaskuntza-ikaskuntza prozesua.


Hauxe izan da guztia lagunok!

ADUNAKO HERRI ESKOLA

ADUNAKO HERRI ESKOLA
Irailaren 29 an, asteartea, Iñaki Pagolaren bisita izan genuen unibertsitatean. Iñaki Pagola, Adunako eskolako irakaslea dugu, eta bertako hezkuntza sistemaren eta dituzten IKT baliabideen inguruko hitzaldi paregabea entzuteko aukera izan genuen.

Aduna Gipuzkoako barnealdean aurkitzen den 400 biztanleko herri bat da eta bertan, 68 ikaslez osatutako Adunako eskola txikia aurki dezakegu. D eredua duen Eskola Txiki eta euskalduna dugu Adunako eskola. Eskola honen antolamendua ordea beste eskolengandik desberdina da. H.H. 2 tik L.H. 1 era bitartean dauden haurrak talde bakar batean biltzen dira eta 12 besterik ez daude. L.H.2 eta L.H.3 ko ikasleak ere elkarrekin ikasten dute eta 15 ikasleko taldea osatzen dute. Eta azkenik, L.H. 4-5 eta 6 ko ikasleak ditugu, 11 denera.

Baina ezaugarri hau, ez da Adunako eskola beste ikastetxeengandik desberdintzen duen bakarra. Bertan, ikasleek proiektuen bidez egiten dute lan. Hau da, gai desberdinak lantzen eta aztertzen dituzten proiektuez osatuta dago beraien ikaskuntza prozesua. Hezkuntza proiektu hauek, Ikaskuntza Kooperatiboa, Agenda 21, Hezkuntza Marko Hirueleduna, Adin aniztasuna eta Eskola 2.0 eta IKT Heldutasun ereduan oinarritzen dira. Hau guztia aurrera eramateko, IKT en erabilera anitza egiten dute, eta zer ikusi handia du horretan eskola honek duen heldutasun eredu maila aurreratuarekin. Baina, zer da ikastetxe baten IKT heldutasun eredua? Ikastetxe baten IKT heldutasun eredu mailak, zentro horrek duen digitalizazio mailarekin lotuta dago.
Adunako eskolan, Koaderno digitalen erabilera egiten dute irakasleek. Koaderno digitala, egin beharrekoak zehazteko, landutako konpetentziak biltzeko, lantzeko moduak azaltzeko, helburuak zehazteko…balio digun dohaineko baliabidea da. Bertan lehenago aipatutakoaren inguruko hainbat datu bildu ditzakegu eta dataren arabera sailkatu eta ordenatu. Gainera, edonon erabili dezakegun baliabide da eta edozein momentutan eskuratu dezakeguna. Ikasleen ebaluazioen inguruko argibideak ere idatzi ohi dituzte bertan eta beste irakasleekin partekatzeko aukera ere badugu.
Ikasleei dagokienez, ez dute arkatza eta papera ia erabili ere egiten. Horren ordez ordenagailuak, tabletak eta beste hainbat baliabide erabiltzen dituzte. Gainera, irakasle eta ikasleek osatzen duten Classroom izeneko plataforma dute. Honen bitartez, ikasleek ordenagailuz egiten dituzten lanak partekatu ditzazkete irakaslearekin eta honek, orri horretan bertan zuzenketak egin ditzazke. Bestalde, irakasleak ere hainbat gauza partekatu ditzake bertan, bai bideoak, testu interesgarriak, irudiak… ikasleenganaino iristeko.
Tresna hauetaz gain beste hainbat baliabideren erabilera ere egiten dute, Google +, Drive, Calendar… esan dugun bezala teknologiaren munduan oso aurreratuta dabiltza. Gainera, lehenago aipatu bezala beraien irakasteko metodologia proiektuetan oinarritzen da. Horretarako, bideoak edo antzerkiak ekoizteko ohitura dute askotan izan ere, haurrak ikasten duten bitartean dibertitzeko aukera dute. Gehienetan ikasleek beraiek proposatutako ekintzak ematen dituzte aurrera irakaslearen laguntzaz, erabateko elkar lanean diharduten eskola bat osatzen dutela esan genezake.


Azkenik, Iñaki Pagolak Adunako Herri Eskola guztiaren izenean adostutako ideia bat luzatu zigun; “Gure ustez, kalean edo gizartean dauden berrikuntzak eskolan egon behar dute”. Honekin, eskolak ere munduarekin batera erabateko berrikuntzan jardun behar duela ulertzen dugu, inongo momentuan atzera geratu gabe, eta hauxe da gizarte osoan, edo hezkuntza munduan behintzat zabaltzea nahiko genukeen pentsaera.